2014(e)ko maiatzaren 26(a), astelehena

Bidezkoa eta zilegi da beloaren erabilera mugatzea?

Artikulu honen egileak: Miren Amaia Belloso Uribe eta Lide Gurrutxaga Urbieta
#KZientifikoa jardunaldietan aurkeztua


Azken urteotan ugaritu egin dira konfesio erlijioso desberdinetako fededunak geure artean. Jakina denez, haietako askok beren erlijioaren aginduak eguneroko gizarte-bizitzaren alor askotan bete nahi izaten dituzte. Horren ondorioz, hainbat ezinulertu eta eztabaida sortu dira. Adibidez, emakume batzuek zapiak eramaten dituzte gorputz atal jakinak estaltzeko (beloa, hijab -a etab.) eta zenbait gizonek txapela euren buruan (kipá). Alabaina, estatu demokratikoen bereizgarri den neutraltasun printzipioan oinarrituz, hainbat debeku eta muga jarri zaizkio jantzi horien erabilerari, hezkuntzaren alorrean, besteak beste. Alabaina, bidezko eta zilegi da konfesio erlijioso jakin bat duen irakasle edota ikasle bati beren kultur eta erlijio-identitatearen ikur diren jantziak eramatea galaraztea? Aldi berean, ontzat eman behar dira testuinguru laiko batean erlijio-adierazpenaren zantzu nabarmenak? Erantzunak askotarikoak izan daitezke, eta erantzun ezberdin asko eman izan dira auzi honi. Eta bakoitzak baditu bere koskak.

Erlijioa zuzenbideko estatu sozial, demokratiko eta laikoan

Azken bolada honetan hainbat eztabaida sortu dira beren erlijio-adierazpenak askatasunez egin nahi dituzten herritarrei zenbait muga jarri zaizkielako, adibidez, zenbait eskolatan buru-zapien erabilera mugatu edota debekatu denean. Izan ere, zenbaitetan zalantzak sortzen dira ea adierazpen horiek bat ote datozen Espainiar Estatuaren izaera laikoarekin. Hori dela eta, beharrezkoa da aztertzea bai Estatuaren izaera bera  bai estatu-eredu horretan aitortzen diren eskubide zein betebeharrak, egoera horren aurrean konfesio erlijioso desberdinek zein aukera duten ikusteko. Izan ere, Espainia zuzenbideko estatu sozial eta demokratikoa da, eta aldarrikatzen dituen printzipio nagusien artean laikotasuna, neutraltasuna, berdintasuna eta diskriminazio eza daude.
Laikotasunak berekin dakar estatuak ez duela inongo erlijiorik bere egiten, hau da, estatu laiko bat ez da oinarrituko edo identifikatuko inongo erlijiorekin. Modu horretan, Estatuak neutral agertu behar du fenomeno erlijiosoen aurrean. Horrenbestez, estatuak inpartziala izan behar du herritarren uste sendo erlijiosoen aurrean. Berdintasun egoera batean hau izango litzateke jarrera egokiena, herritarren kontzientzia-askatasuna bermatzeko.

Izan ere, herritarren uste sendoak errespetatzeak aniztasuna ahalbidetzen du. Bestalde, berdintasunaren eta diskriminazio ezaren printzipioak aintzat hartuta inor ez da diskriminatua izango jaiotza, arraza, sexua, erlijioa, pentsamoldea edo beste edozein inguruabar pertsonal edo sozial dela eta. Errespetatu egin behar dira konfesio erlijioso desberdinak dituztenen erlijio-adierazpenak,  Espainiar Konstituzioak aitortzen baititu erlijio-askatasuna eta norberaren irudia errespetatzeko eskubideak.

Erlijio-askatasuna: oinarriak eta mugak

Erlijio-askatasunak ideologia-, erlijio- eta kultu-askatasunaren aitorpena barnebiltzen ditu. Izan ere, hiru tasun horiek (ideologia, erlijioa eta kultua) pertsonen “nortasun erlijiosoa” zehazten dute eta, hortaz, pertsonaren duintasunaren adierazgarri dira. Zentzu zabalean ulertzen da erlijio-askatasuna. Hori dela eta, gutxiengoan dauden erlijioak babestu behar dira erlijio tradizionalekin batera. Honela, lege batek eskubide horri mugak jarri nahi badizkio, beharrezkotasuna, proportzionaltasuna, diskriminazio eza eta beste oinarrizko eskubideak errespetatu beharko ditu. Gure estatuaren izaera zein den kontuan hartuta, legeak kontzientzia-askatasuna aitortu, errespetatu, urrapenen aurrean babestu, eta egiazkoa eta eraginkorra izan dadin bermatu  behar du.
Hori horrela, Espainiako Konstituzioa argi zehazten du ideologia- eta erlijio-askatasunaren muga legeak babesten duen ordena publikoaren urraketa izango dela. Ordena publikoak hauxe babestu nahi du: gainontzekoen oinarrizko eskubideen egikaritzan eta osasun, segurtasun eta moralitate publikoa.

Eta zein da, adibidez, erlijio musulmanaren kasuan ordena publikoaren ikuspegitik sortzen den auziaren iturburua? Bada, musulmanen erlijio-adierazpenetako bat da emakumezkoek euren burua zein gorputza estaltzea. Horren aurrean eztabaidatu izan da beloaren erabilerak aipatutako ordena publikoa urratzen duen edo ez. Oro har, esan daiteke beloaren erabilerak ez duela ordena publikoa urratzen; izan ere, orain arte ez da frogatu beloaren erabilerak inongo eragin okerrik duenik. Bestalde, beloaren erabilerak ezin du ordena publikoa urratu. Hori horrela izatearen arrazoietako bat da aniztasuna aitortuta duen gizarte batek erlijio eta praktika ezberdinak errespetatu behar dituela. Horiek errespetatu ezean pertsona horien askatasuna murriztuta geratuko litzateke. Hala ere, Espainian hainbat muga jarri zaizkio beloaren erabilerari, hezkuntzaren alorrean bereziki.

Erlijio-askatasuna hezkuntzaren alorrean.

Musulmanen zein bestelako konfesio erlijiosoetako pertsonen erlijio-askatasuna legez mugatu den esparruetako bat hezkuntza izan da. Izan ere, zenbait neskari eskolara sartzea eragotzi zaie, beloa eramateagatik. Egoera horren aurrean, ikasleak aipatu ditugun eskubideak lituzke. Berez, lehen aipatu denez, ikasleak ez du bere jokabidearekin ordena publikoa urratzen, baina, antza, erlijio-askatasunaren eskubideak berak talka egiten du hezkuntza-sistema gidatzen duten printzipioetako batzuekin. Printzipiook 2/2006 Lege Organikoan, Hezkuntzari buruzkoa (http://www.boe.es/boe/dias/2006/05/04/pdfs/A17158-17207.pdf), eta 8/1985 Lege Organikoan, Hezkuntzarako eskubidea arautzekoa (https://www.boe.es/buscar/pdf/1985/BOE-A-1985-12978-consolidado.pdf), aurreikusten dira, kontuan hartuz bi lege hauek Konstituzioaren 27.2 artikuluaren argitan interpretatu behar direla. Artikulu horren arabera, hezkuntzaren helburua izango da pertsonaren nortasuna osotara garatzea, bizikidetzaren printzipio demokratikoaren errespetuan eta oinarrizko eskubide eta askatasunen errespetuan.

HLOko lehenengo artikuluaren arabera, hezkuntza sistema gidatzeko printzipioak honakoak dira: hezkuntzaren kalitatea berdina izatea da ikasle guztientzat; ikasle guztiek aukera berdinak izatea; Askatasun pertsonala, ardura, herritartasun demokratikoa, elkartasuna, tolerantzia, berdintasuna, errespetua eta justizia bultzatuko dituzten eta diskriminazio mota oro gainditzen lagunduko duten balioen transmisioa eta praktikan jartzea; eta malgutasuna egon behar du ikasleen beharretara egokitzeko.

HLOko bigarren artikuluak hezkuntzak izan behar dituen helburuak zehazten ditu. Eskuen artean dugun gaiari dagokionez, hauek dira aintzat hartzekoak: tolerantziaz eta askatasunez jardutea elkarbizitzarako printzipio demokratikoak errespetatuz; arazoak saihestea eta hauek modu baketsuan konpontzea;  giza eskubideak errespetatzea; batasun soziala bultzatzea; herrien arteko lankidetza eta elkartasuna sustatzea; pluraltasun kultural eta linguistiko bat aitortzea eta hura errespetatzea; kulturartekotasuna gizartearen elementu positibotzat hartzea, etab.

HELOk, berriz, bere seigarren artikuluan ikasleen eskubideak aurreikusten ditu: ikasleen nortasuna garatzeko formazio integral osoa jasotzeko eskubidea; ikasleen identitatea, integritatea eta duintasuna errespetatuak izateko eskubidea; Konstituzioarekin bat ikasleen kontzientzia askatasuna, sinesmen erlijiosoak eta konbikzio moralak errespetatuak izateko eskubidea, etab.

HELOren artikulu berean ikasleen betebeharrak aurreikusten dira. Aipagarria da ikasleek ezinezkoa dutela, hezkuntzaren komunitatearen baitan, kideen kontzientzia askatasuna, konbikzio erlijiosoak, dignitatea, integritatea eta intimitatea errespetatu.

Esandakoa kontuan hartuz, HLO eta HELOko artikuluetatik ondorioztatzen da hezkuntza sistemaren helburua ikasleen integrazioa bideratzea dela. Ondorioz, ikastetxeek neutralak izan behar dute baina era berean, pluraltasuna errespetatu eta sustatu behar dute.

Hori horrela, zilegi eta bidezkoa da beloaren erabilera mugatzea, eta, horrenbestez, ikasleei beloa jantzita datozenean, sarrera ere eragoztea?

Ondorio bidetik

Ondorio bidetik, arazo hau bideratzeko erabili behar dira hezkuntza oinarritzen duten printzipioetatik ondorioztatzen diren irizpideak. Hau da, errespetua, tolerantzia, kulturartekotasuna, integrazioa, pluralismoa. Beraz, beloaren debekuak ez du zentzurik gaur egungo hezkuntza sisteman.

Gizarte plural bateko tolerantziak berekin dakar herritarren euren artean errespetuzko jarrera bat izatea. Horrela, elkarbizitza baketsua lortuko baita. Esandakoaren ildotik, Konstituzio Auzitegiak ulertzen du tolerantziak kritikak onartzeko gaitasuna barneratu behar duela. Hau erlijio konfesio ezberdinen  kasuan aplikatuz gero, hauen sineste edo konbikzioak onartzea ekarriko luke. Hori hitzartze pluralean onargarri den testuinguruan emango litzateke.

Bestalde, aintzat hartu behar da tolerantzia elkarbizitzarako oinarrizko printzipioa dela, hau da, ordena politiko eta gizarteko bakearen oinarria. Gizarteko gehiengoak ideologia-, erlijio- edo kultura-gutxiengoekiko eduki beharreko errespetuzko jarrera da. Berebat, ezinbestekoa da integrazioa eta gizarte-kohesioa bideratzeko, kultura arteko elkarrizketaren bidez.

Beraz, konklusio gisa, lan honetan aztertutako guztia kontuan hartuz Espainiako kasuan posiblea da estatuaren neutraltasuna eta laikotasuna beloaren erabilerarekin uztartzea.

Azkenik, aipatzekoa da azken hilabete hauetan Espainian indarra hartzen ari den argudioa, zeinak, mantentzen duen ikastetxeek euren erregelamenduen bitartez ezin izango dutela beloa eramatea galarazi. Izan ere, erlijio eskubidea oinarrizko eskubidea izanik hura debekatzeko duen ahalmen bakarra Legeak baitu, eta eskoletako erregelamenduek ezin dituzte Legeak ezarritako mugak gainditu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina